Laudio Haraneko Herri Eskolak 1870ean eratu zirenetik Laudioalde Lanbide Eskolaren egungo osaera lortu bitarteko 150 urte luze hauetan, gure instalazioak etenik gabe erabili izan dira hezkuntza-jardueretarako, eta, mende eta erdiko tarte horretan, prestakuntza izan da garaian garaiko gazteek beren ametsak egia bihurtzeko baliatu izan duten laguntza.
60ko eta 70eko hamarkadetako garapen ekonomikoak bultzatuta, erakunde titularrek aintzat hartu zuten ikastetxearen ikuspegia —lanbide-heziketara bideratua— sendotzeko beharra, bai eta eskualdeko industria-sarearekin elkarlanean aritzeko premia ere. Ondorioz, 1972an, Udal Ikastetxea Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxe bihurtu zen, Laudioko Udalaren titulartasunpean eta, zuzendaritza pedagogikoari dagokionez, La Salle erakundea buru izanik.
Azkenik, 2017ko urtarrilaren 1ean, ikastetxea sare publikoan txertatu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mende geratu zen, IES Laudioalde Lanbide Eskola BHI izena hartuta.
2024-25 ikasturtetik aurrera, Laudioalde Lanbide Eskola ikastetxeak Eusko Jaurlaritzaren LHren Zentro Integratuen sarean parte hartzen du
Laudioalde Lanbide Eskolak ahalegina egin nahi du berrikuntza pedagogikoarekin lotutako alderdi guztietan egunean egoteko. Horregatik, LHko zenbait ziklo ETHAZI ereduari jarraikiz irakasten dira; hau da, ERRONKETAN OINARRITUTAKO ELKARLANEKO IKASKUNTZA da ikasketa-eredu osoa egituratzeko giltzarria.
Egoera gatazkatsu baten aurkezpenak, hura erronka bilakatzeko eraldaketak eta emaitza bat lortu bitarteko prozesu osoaren egituraketak bi gaitasun-mota dute abiapuntu: batetik, ziklo bakoitzeko gaitasun tekniko eta espezifikoak; bestetik, orain izaera estrategikoa duten zeharkako gaitasunak, hala nola ikasteko autonomia, talde-lana, emaitza apartak lortzeari begirako orientabidea…
Lan egiteko proposamen hori ez dator bat orain arte ezagutu izan dugun egitura-ereduarekin; izan ere, zenbait elementuren —ordutegiak, ebaluazioak, ikasgelaren antolaketa…— egungo formatua baliorik gabe geratu da, eta, hortaz, elementu horiek berriro pentsatu eta definitu behar dira.
Hauek dira ETHAZI ereduaren ezaugarri nagusiak:
• Intermodularitatea
• Autogestionaturiko zikloetako irakasle-taldeak
• Ebaluazioa, gaitasunen garapenean bilakaera izateko
• Ikasketa-guneen egokitzapena
Laudioalde LHko ikastetxeen sare bateko kide da, zeinak pilatutako azpiegitura eta jakintza guztia Euskal Autonomia Erkidegoko ETE ororen eskura jartzen duen. Berrikuntzari begirako laguntza, prestakuntza aurreratua, eta berrikuntza- eta hobekuntza-zerbitzu teknikoak dira Tkguneren bitartez ematen diren zerbitzuak.
Laudioalde Lanbide Eskola Ikaslan Araba Ikastetxe Publikoen Elkarteko kide aktiboa da, eta proiektu eta lantaldeetan parte hartzen du, elkarteko beste zentro batzuekin batera. Zehazki, Erasmus+ azpiprogramaren barruan garatutako jardueretan laguntzen du. Programa horren helburua da 2020-2027 aldian hezkuntza, lan-prestakuntza, gazteria eta kirolaren arloko proiektuak finantzatzea eta laguntzea.
Zalantzarik edo kontsultarik izanez gero, harremanetan jar zaitezkete Laudioaldeko Erasmuseko arduradunarekin (Libe Mimentza), helbide elektroniko honen bidez: internazionalizazioa@laudioalde.eus
Laudioalde Lanbide Eskolari buruzko informazioa jaso nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. Atsegin handiz lagunduko dizugu.
Irakaskuntza-ordutegia: 08:05etik 15:00etara, astelehenetik ostegunera; ostiraletan, berriz, 08:05etik 14:35era.
Idazkaritza-ordutegia: 08:00etatik 14:00etara.
Orientabiderako ordutegia: urte osoan eska daiteke hitzordua, helbide elektroniko hauetan:
secretaria@laudioalde.eus o informacion@laudioalde.eus